Euskal erbestea Gerra Zibilaren ondoren

2019/10/15-2019/11/24

Gerra Zibilaren osteko behin-betiko erbestealdiaz 80 urte betetzen dira aurten eta gerra garaian izandako erbestealdia ezagutzera emateko helburuarekin egin du erakusketa hau Gogorak. 1936 eta 1937 urteetan 100.000 pertsona atera ziren Euskaditik erbestera, hauetatik 30.000 inguru haurrak ziren, eta 1939an “Erretirada” bezala ezagutzen den horretan, Kataluniatik Frantziara atera ziren 500.000 lagunetatik 10.000 inguru euskaldunak ziren. Frantziatik ehunka batzuk zeharkatu zuten Atlantikoa, kasu askotan, betirako. Erakusketa honek orduko erbestea ezagutzeko aukera bat ematen du eta hori, egun, gerratik ihesi datozen pertsonen egoerara hurbiltzeko modu bat ere bada. 

Erakusketaren edukiak:

Irudi historikoez osatutako dokumental batek ematen dio hasiera erakusketari, irudi hauetako asko ezezagunak dira publiko orokorrarentzat, ia ikusi gabeak orain arte. Gogorak 50 minutuko iraupena duen dokumental honetan gerra zibilaren hasieratik Jose Antonio Agirre Lehendakariaren heriotza arteko urteak jaso ditu. Era berean, beste ikus-entzunezko batean ikusgai daude gerrak eraginda, momentu desberdinetan, Euskaditik erbestera ihes egin behar izan zuten pertsonen testigantzak, Gogorak 2018an eta 2019an jaso dituenak. Erbesteko memoriaren parte dira 1937an, Bilbo erori aurretik erbestera eramanak izan ziren umeen testigantzak eta Frantziara ihesean joan eta handik Venezuelara joan behar izan zutenena.

Bestetik, erakusketan hogeita hamar bat argazki historiko daude ikusgai, zeinetan 1936tik 1939ra izan ziren erbestealdi desberdinak esplikatzen diren. Josu Chueca, UPV-EHUko historia garaikideko irakasleak eta Iñaki Goiogana, Sabino Arana Fundazioko historialariak, komisariatu dute erakusketaren zati hau.

Bertan erakusten diren materialen bitartez azaltzen dira Gerra Zibila hasi zen momentutik bertatik, eman ziren erbesteratzeak; gerra hasi eta berehala eman zena Gipuzkoatik Bizkaia eta Lapurdira, bereziki; 1939az geroztik, Katalunia matxinatuen eskuetan geratu ostean, Frantziarako erbesteratzea, errefuxiatuek izan zuten harrera han, beste herrialde batzuetara egindako erbesteratze luzea eta Eusko Jaurlaritzak erbestean egindako lana. 

Laguntzailea: