f8

IKUSTEKO MODUAK. JOHN BERGER GOGOAN

2018ko urtarrilaren 9tik otsailaren 11ra

Argazki orok errealitatearen eta haren errepresentazioaren arteko nahitaezko distantzia ezartzea dakar. Xaloa da pentsatzea –argazkingintza-hastapenetan ohi bezala– unean uneko argazki batek mundua den bezalakoa islatzen duela. Gauzak berez zer diren gorabehera, gure zentzumenek, arrazoiak eta irudimenak baldintzatzen dute gure jakintza-ahalmena. Hortaz, munduarekiko eraikitzen dugun esperientziak etengabe elikatzen du ahalmen hori.

Gure mugek gizaki bihurtzen gaituzte, edo, bestela esanda, gizakiak gara mugatuak garelako. Ez dago jakintza perfekturik, hori absurdua da tautologikoa den heinean, eta, horrenbestez, oztopo eta errakuntzen artean egin behar dugu aurrera argi bila. 

Argazkiak ez du ezer kopiatzen, ez du ezer agerian jartzen. Argazki batek hautatu egiten du, eta isolatu; iradoki egiten du bere anbiguotasunetik, eta ikusgarri den hori baliatzen du errealitatea berrasmatzeko. Horixe da haren alderdi sortzailea: aztarna bat erakusten du, errealitatearen arrasto bat, esanahi jakinik ez duena. Eta, hala, erronka egiten dio ikusleari, begien aurrean duena eta haren esperientzia aurrez aurre jartzea eskatzen baitio. Argazkiak instant bat erauzten dio jarraitutasunari, eta anbigotasun-desafio horixe gainditzen saiatzen gara, bi denbora mota aurrez aurre jarrita agertzen baitzaizkigu: argazkiarena eta hura behatzen dugunekoa. 

Era berean, argazkigintza egiten duenak bere bidea aurkitu behar du, pentsatu behar du zeren bila dabilen; izan ere, begiek transmititzen dutena garunaren bidez ikusten dugu. Vladimir Nabokovek zioenez, ez dute baso bera ikusten botaniko batek eta ikasgai horretan batere aditua ez den batek. Bigarrenak zuhaitzak baino ez ditu ikusten; lehenak, aldiz, haiek denak bereizi eta izendatzen saiatzen da, ikasteko zenbat daukan onartuta. Begi-bistakoa dirudi.

Hemen ditugun argazkiak botaniko horren begirada bezalakoak dira; argazkigintzan urte luzeko esperientzia duten zenbait argazkilariren emaitza dira, bilaketa sortzaile eta estetiko baten ondorioa.

Sei argazkilariok urte asko eman dituzte kamerarekin lanean, eta besteren argazki ugari baliatu dituzte nor bere bidea ikusten hasi den arte. Lantegi hori gaur egun ia utzita dago, teknologiak ordezkatu baititu, kasu askotan, sorkuntza-ahalegina eta lana. Milioika argazki ateratzen dira egunero, gero eta argazki-kamera sofistikatuagoak erabiltzen dira, eta sare sozialak eta plataformak, baina horren guztiaren emaitza kontsumoari eta frenesiari lotutako banalizazioa baino ez da.

John Berger maisuaren hitzetan, argazki oro giza hautu bat da, argazkilariak egoera jakin batean egiten duen hautua, hark erabakitzen baitu dena delako hura argazki batean erregistratzea merezi duela.

Gogoeta hori hutsala eta begi-bistakoa ematen du. Alabaina, halako definizo sinple batek, itxuraz hausnarketa sofistikatuaren beharrik izan ez duenak, agerian jartzen du historian zehar fotografiatua izan den guztiaren parte handi baten muina: fotografiaren eta denboraren arteko harreman estua 

Roland Barthes parafraseatuz, modu erradikalagoan esanda: soilik heriotzak eta fotografiak geldiarazi dezakete denbora. 

Eta hala da. Helburuak aurretik markatuta, aurrerapena baino azpimarratzen ez duen eta fotografia denboraren monopolioa bermatzeko baino baliatzen ez duen Historiari buruzko ikuspegi lineal baten aurrean, bada fotografia egiteko beste modu bat, beste bide batetik dabilena: hots eta ardailaren ondorengo isiltasuna entzuten dakienarena, itxaroteak berezko duen pazientzia bizi duenarena, solasten dakienarena, erlojuari zeharka begiratu gabe. 

Eta horixe da hogeita hamalau argazki hauek eskaintzen digutena: haiei erreparatuta, aukera izango dugu denboraren pendulua, saihestu ezin dena iragartzen digun tiki-taka hori, une batez bada ere geldiarazteko.

Argazkietan, jende anonimoa ikusiko dugu, bakarrik dabilena; litekeena da jende hori bakartia ez izatea, ez baitakigu zer pentsatzen duen. Nolanahi ere, irudi horiek zer garen islatzen dute: izaki hauskor eta babesgabeak.

Giza figura batzuk ikusiko ditugu, paseatzen, forma eta koloreen artean; haiek ere bakarrik doaz leku batetik bestera, fotografiak erregistratzen dituen instan horietan barna, besteak ez bezala galduko ez diren horietan hain zuzen.

Beste jende bat ikusiko dugu, halaber, bidaian bezala, gida turistikoek nahietaez ikustekoak jotzen dituzten lekuak bisitatzeko seguruenez. Galduta dirudite jendetza multzo lauso zehaztu gabean, baina giza aurpegia nabarmendu egiten da: anonimotasuna gailentzen da gu ezkutatzen gaituen anabasaren gainetik. 

Argazkilarien aurpegi zehatzak ere ikusiko ditugu, fotografiarekiko urte luzeko lotura eta grina islatu nahi duten instant horietan hartuak. Erretratatuak isiltasuna entzuten du, eta ahots bat entzuten duela uste du, esaten diona: horrela ikusten zaitut nik; horrela adierazten dizut mirespena; horrela nahi dut ikus zaitzaten besteek, jada elkar ikusiko ez dugun geroan.

Lekuak ere ikusiko ditugu, industria-gune izandako zenbait leku hain zuzen, bertan gertatutako aldaketek eraberrituta. Gizakiak esku hartutako tokiak, orain naturak hartuta.

Aipagarriena da prozesu horrek berak zizelkatu duela, haurtzaroan hasita, argazkilariaren beraren gizatasuna, Pessoak metaforikoki arimaren paisaia deitzen zuen hori.

Eta zeruak eta hodeiak ere ikusiko ditugu. Etengabe aldatzen diren elementu horiek denonak dira, ez dute gure artekorik bereizten. Ikusmena dugun gizaki guztion eskura daude, bereizkeriarik gabe. Nahikoa da begirada altxatzea ortziaren aldakortasun sotila deskubritzeko, bai eta, aldi berean, gizakiok bizi gaituen misterioa sentitzeko ere.

Argazki hauek guztiek zenbait uneren irudiak finkatzen dituzte, gure bizitza-esperientziari galdetzen diote eta, ikusleak garen aldetik, behartu egin gaituzte bi alderdi horiek erlazionatu ditzagun, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubi bihur ditzagun. Gauzen, denboraren jarraitutasunari erauzitako zer bat da argazkia, eta erauzitako horren isiltasunak bidea ematen dio interpretazioari: bilaketa, hausnarketa eragiten duen horrek beste ezerk ezin du gure ulerbidea zabaldu ahal.

 Mikel Iriondo 

Donostia, octubre 2017

 

Mikel Iriondo (Eibar, 1955). Estetika eta Arte Teoriako irakasle titularra da Euskal Herriko Unibertsitatean. Haren aztergai nagusia da zer harreman dagoen Filosofiaren, Literaturaren eta Zinematografiaren artean. Zenbait liburu argitaratu ditu, beste egile batzuekin batera; bestalde, aldizkari espezializatuetarako artikulu ugari idatzi ditu, besteak beste, Contemporary Aesthetics, Daimon, Ausart, Laocoonte, Archipiélago, Enrahonar, Bitarte, Fabrikart, Recerca, eta Revista de Occidente aldizkarietarako.

 

 

f8

Argazkilariak:

Gorka  Salmerón Murgiondo

Ángel Ispizua

Jesús Mª Zabalza

 José Ronco

Roberto Botija

Moncho Trullos

 Idazlea:

Mikel Iriondo

 Koordinatzailea:

Jesus Mari Sarasua

 

 

GORKA SALMERÓN MURGIONDO

Arkitektura auntza, paisaia leheneratua

Zenbait leku atzera bisitatzen dihardut garai desberdinetan zehar inkontzienteki. Aitortzen dut ez dudala guztiz ulertzen zeintzuk diren leku zehatz horietara tarteka itzultzera eramaten nauten arrazoi bitxiak. Hala, aspaldi honetan harreman berezi bat mantentzen dudan agertokietako bat urtegi abandonatu bat da mediaren erdian, paisaiaren artean nahasitako zementu puska izugarri handi bat. Lurralde urrun batez ari naiz, baina aldi berean nahiko hurbila, bizi naizen herrian kokatua. 50eko hamarkadako eraikuntza bat da, garaiko garapen industrialaren ondorio, gaur egun erabilpenik ez duena. Legazpiko historia, Gipuzkoako barnealdeko udalerri txiki horretakoa, mendeetan zehar egon da burdingintzari lotua. Burdinaren kulturarekiko lotura horren azken arrastoa Patricio Echeverría SA enpresan dugu, ia XX. mende osoan inguru horren garapena markatu zuen fabrikan.

Tarteka berriro ere galtzen naiz handik, paisaia aldakorra, arkitektura zaharkitua, bere eraldaketa behatzera, xurgatu egin baitu landarediak. Bisitaldi bakoitza desberdina da eta jakin-mina harridura bilakatzen da etengabean. Beti topatzen ditut agertoki berriak. Paisaiak lehengo bera izaten jarraitzen badu ere, naturaren eta eraikuntzaren elkarbizitza horretan, 80ko urteen erdialdera argazkiak egiten hasi aurretik ere harreman berezi batean lotzen nituen espazioak, hogeita hamar urte geroago, sentsazio berriak sorrarazten dizkit oraindik, agertoki bera bestelako ikuspegi batekin behatzera eramaten nautenak. Urte hauetan guztietan errepikatu dut praktika bera, irudien bitartez esperientzia horiek biltzen saiatzean datzan zeregina, lekua behin eta berriro argazkitan jasotzen, aldi bakoitzean hartze desberdinak egiten. Bitxia da argazki horiek orain sentiarazten didatena: Patricioren fabrikari buruzko aurreneko irudietarako itzulera, 90eko urteen hasieran egiten hasitako horietara, edo horien luzapen bat beharbada. Orain nire buruari galdetzen diot, besteren artean, lan hau benetan sortu ote den inkontzienteki edo beharbada beti egon izan ote den hor hasieratik, fabrikaren aurreneko argazkiak egin nituenean bezala. Baliteke neu izatea betiko paisaia bestelako modu batez behatzen aritzea; nire interesak eta lekura egindako nire itzulerak aldakorrak eta aldagarriak direlarik, lurralde bera beste begi batzuekin behatzera animatzen nauten arrazoien antzera.

 Gorka Salmerón Murgiondo

 Fuenmayor, 2017ko urria

 

Gorka Salmerón Murgiondo (Legazpi, 1969). Arte Ederretan lizentziatu zen, eta 1985ean hasi zen argazkigintzan. Erakusketa ugari egin ditu, bakarka zein taldean, bai eta hainbat beka eta sari jaso ere; bestalde, ikastaroak, tailerrak eta hitzaldiak eman ditu. Haren lantegietako bat izan da artxibo fotografikoak errekuperatzea, erreproduzitzea, katalogatzea eta digitalizatzea, eta zenbait liburu argitaratu ditu, besteak beste, Leaxpi industri Paisaiak (2014). Azken urteotan, irakaskuntza eta ikerkuntza bateratu ditu, eta Patricio Echeverría S.A. Legazpiko fabrikari buruzko argazki-funtsa errekuperatzen eta aztertzen aritu da: lan horren ondorioa da Luz Para un Tesoro Olvidado (2016) liburua. Urte batzuk pasa ondoren bere argazkigintza-proiektu pertsonalak alde batera utzita zituela, azken boladan Gorkak berriz ere heldu dio alderdi horri, eta erakusketa honetan bere azken argazkiak erakutsiko ditu lehen aldiz.

 

 

ÁNGEL ISPIZUA 

Segundo bat

Aspaldi honetan, argazkilari naizen aldetik, interesa pizten didate hainbat zirkunstantziatan biltzen diren "jende" masek, jendez jositako helmuga turistikoek, dendez betetako kale masifikatuek, milaka gimnasta grinatsu erakartzen dituzten leku ikusgarriek eta jendetza izugarria ikusten dudan beste hainbat lekuk. Argazkiak a posteriori behatzean gogoz ikusi dut jende horien mugimenduaren plastizitatea. Gehien harritu nauena izan da nire kamera mekanikoa, adimen artifizialaren aztarnarik txikiena ere inplikatzen duen tresna oroz gabetua, gai izan dela segundo batean atzemateko jende masa horiek "pertsonez" beteta daudela halako distira eta edertasuna darienak, talde jendetsu eta itxuraz nahasi horiek osatzen dituzten horien bereizgarri. Segundo bateko denbora-tarte gutxieneko hori besterik ez du behar izan konturatzeko gizabanakoa gailendu egiten dela taldearen aurrean. Nire kameratik ari naiz ikasten pixka bat pentsatzen, segundo bat gutxienez, eta orain jada pertsona taldeak ikusten ditut. Pertsona horiek ni neu dira eta ez beste inor, “jende” itxura hori hartuta; ni mila bider biderkatuta zenbaitetan, nire ilusioekin eta frustrazioekin, nire handitasunekin eta miseriekin. Orain jendea ikusten dudanean, segundo bat gutxienez jarduten dut pentsatzen, nire kamera mekanikoak bezala.

Ángel Ispizua

 Donostia, 2017ko abuztua

 

Ángel Ispizua (Bilbo, 1956). 1999ko ekainean, AFIAP (Arte Fotografikoaren Nazioarteko Federazioko Artista) izendapena jaso zuen. Haren argazkiek erretratuak, paisaiak eta natura hilak agertzen dituzte, eta erakusketa ugari egin ditu han-hemen, besteak beste, Donostian (hainbat areto eta galeriatan), Iruñean (Contraluz), Zarautzen (Photomuseum), Gasteizen eta Bilbon (La Taberna de los Mundos), Kordoban (Diafragma Foto), Guadalajaran (AFG), etab. Bestalde, haren obra ikusgai dago Photomuseumen, Kutxabanken, GAEn (Gipuzkoako Argazkilarien Elkartea) eta beste zenbait erakunde eta bilduma pribatutan.

 

 

 

JESUS Mª ZABALZA 

Bakartuta 

Hiria sinonimo da eraikin handiena, jende ugarirena, auto askorena,... azken batean, dena pilatuta. Ezinezkoa dirudi, horrela izanda ere, zalapartatik bakartzeko gai garela ikusteak, baina argazki bilduma txiki hau hori lortzeko moduaren erakusgarri argi bat da, hirian beti baitago lekuren bat bakarrik egon gaitezkeena…  Ez ala? 

Jesus M. Zabalza 

Donostia, 2017ko abuztua 

 

Jesús M. Zabalza (Donostia, 1960). Umetatik interesatu zaio argazkigintza, eta 1985etik aurrera, denboraldi batez, hainbat lehiaketa eta sariketetatan parte hartu zuen. Denboran aurrera, gai jakin batzuk garatzen hasi zen, batez ere arkitektura eta natura ardatz hartuta. 2002. urteaz geroztik, hilero Donostiako Arte Azokan parte hartzen du, eta bakarkako zenbait erakusketa egin ditu Espainiako erakustaretoetan. Paris hiriari eskainitako porfolioaz gain, bi liburu ditu nabarmentzekoak: Un Paseo por Urgull (2012) eta Norte/Sur (2015). >   Ángel Ispizua (Bilbo, 1956). 1999ko ekainean, AFIAP (Arte Fotografikoaren Nazioarteko Federazioko Artista) izendapena jaso zuen. Haren argazkiek erretratuak, paisaiak eta natura hilak agertzen dituzte, eta erakusketa ugari egin ditu han-hemen, besteak beste, Donostian (hainbat areto eta galeriatan), Iruñean (Contraluz), Zarautzen (Photomuseum), Gasteizen eta Bilbon (La Taberna de los Mundos), Kordoban (Diafragma Foto), Guadalajaran (AFG), etab. Bestalde, haren obra ikusgai dago Photomuseumen, Kutxabanken, GAEn (Gipuzkoako Argazkilarien Elkartea) eta beste zenbait erakunde eta bilduma pribatutan.  

 

 

JOSÉ RONCO

Presentzia

Hasieran egin ziren irudiak, ez dagoen zerbaiten itxura iradokitzeko. Gutxika joan ginen ulertzen irudikatutako objektu bat baino luzeago bizi litekeela irudi bat; hortaz, zerbaitek edo norbaitek izan zuen itxura erakutsi lezake, eta inplikazioz beste batzuek nola ikusi zuten ere. Ondoren aitortu zen irudigilearen ikuspegi

 

espezifikoa erregistroetan jasotakoaren parte ere bazela. Eta horrela, Xek Y ikusi zuen moduaren erregistro bihurtu zen irudietako bat.

 John Berger, Ikusteko moduak

Nire ekarpena da erakusketako nire kideen irudia, arrastoa, finkatzea. Eta haiek identifikatzen saiatzen naiz, haiek definitzen irudi honen bidez geure buruez, aurpegiaren bitartez, denok dugun irudia.

Hala berresten dut haien presentzia…

 José Ronco

 Eibar, 2017ko iraila

 

José Ronco (Rágama, 1959). Denboraldi batez, kolaborazioak egin zituen prentsan, eta, zenbait generorekin esperimentatu ondoren, azkenaldian bere inguruko paisaia izan du interesgune. Horixe adierazten du Eibarri buruzko serieak, Eibar, ciudad taller liburuan jasoak: egilea Eibarren bizi da, eta 12 urtez aritu da hari argazkiak ateratzen. Erakusketa ugari egin ditu, bakarkakoak zein kolektiboak, eta, hala, haren obraren agerleku izan dira, besteak beste, Ongarri, BilbaoFot, Galería Railowsky (Valentzia), Montehermoso Kulturunea (Gasteiz), Institut d´Estudis Fotografics (Bartzelona), Euskal Arkitektoen Elkargo Ofiziala (COAVN, Donostia), Canal Isabel II (Madril), Bienal Sao Paulo (Valentzia), Rafael Pérez Hernando galeria (Madril), Photomuseum (Zarautz) eta Casa de la Imagen (Logroño).

 

 

 

ROBERTO BOTIJA 

Zeru bera

...Argitu dezagun hau. Zeruak ez du azalerarik eta ukiezina da;

zerua ezin da bihurtu gauza edo kopuru jakin bat

John Berger

Ikusteko moduak

Irudi hauek gertakari xume eta gure hirietan gero eta nekezago den batean dute jatorria, zerua behatzekoan. Ez naiz ari hedadura handiko zeru zabal batez, bere zati batez baizik, nire leihotik argazki kamera batean jasotakoaz. Leiho bera beti eta, hortaz, zeru bera beti. Bere betiereko bertsio aldakorrean argiaz eta denboraz hizketan ari zaigularik.

Roberto Botija

Algorta, 2017ko uztaila

 

Roberto Botija (Bilbo, 1953). Hainbat galeriatan eta museotan egin ditu erakusketak, besteak beste, Spectrum Sotos galerian (Zaragoza), IVASFOTen eta Lugaritzen (Donostia), Ongarri erakustaretoan (Elgoibar), Estudio 22 eta Casa de la Imágen erakustaretoetan (Logroño), Photomuseumen (Zarautz) eta Artiumen (Gasteiz), eta, oro har, paisaia izan dute ardatz. Argitaratu dituen idatzien artean, bi gutxienez aipatu behar: Werx, Bahuen+Wohnen Suitzako arkitektura-aldizkariaren 12. zenbakian argitaratu zioten lan zabala, Bilbori eskainitakoan (1996) hain zuzen, eta Alusión a una sombra (2000) liburua, Ongarri Argazki Taldeak argitaratua.

MONCHO TRULLOS

Joanean

Zenbaitek komentatu didate argazki hauek jende bakartiarenak direla.

Pasadizoko jendea bezala ikusten dut nik, leku batetik bestera doana, ez zertara ezta nora ere ez dakigula.

Moncho Trullos

Donostia, 2017ko iraila

Argazkilariarentzat, hatza arin eta pupila adi, bidea egite soilari aipamen egin nahi izan dio beste gain batzuen gainetik. "Bizitzea bidaldi laburra ibiltzea da" -zioen Quevedok-, baina lekualdaketa saihestezina eta inperatiboa da argazki hauen egilea hunkitzen duena. Ibiltariak, pasadizoko jendea garenez gero, denok goaz bizkor in itinere leku batetik bestera, batzuk gutxiago eta beste batzuk gehiago presak, estutasunak edo irrikak bultzatuta. Bizirik gaudela jabetzeko moduetako bat baita mugimendua, nahiz eta zenbaitetan, gugan ezinegona sortuz, gure borondatea aldarazten duen. Ekialdeko diziplinetan mugimendu eza da absolutua, gelditasunarekiko bokazio erlijiosoa baitago. Gu, ordea, Mendebaldean jaioak, urrun gaude gelditasun horretatik. Eta bakardadean, edo lagunduta, halabeharrak gure esku utzi duen bidea egiten dugu.

Jorge G. Aranguren

Donostia, 2017ko iraila

 

Moncho Trullos (Errenteria, 1959). Askotariko argazkigintza-lanak –argazki industriala, moda-diseinuzkoa, ile-apaindegien publizitatea, Elkar argitaletxerako liburu-portadak, etab.– eta telebistarako kamera-lanak egin ditu, eta zinemagintzan ere aritu da, argazki finkoa egin baitu hainbat film laburretan, bai eta bi film luzetan ere. Erakusketa ugari egin ditu, bakarka zein taldean, besteak beste, Madrilen, Bartzelonan, Mallorkako Palman eta Donostian.